Gaur egun (2017ko azaroan), 29 kide ditugu abesbatzan, 16 gizon eta 13 emakume, baina denok ez dihardugu kantuan. Zuzendaria Antxon Errarte da, eta hura ez dagoenean Angel Astondoak zuzentzen gaitu, beti egoten baita prest. Bittor Mendialdua da gure organista.
Badugu tradizio handiko jarduera bat, oraindik irauten duena eta uda guzti-guztietan egiten duguna: gure bailara osatzen duten auzo eta elizate gehienetako jaietan kantatzen dugu. Mariseka eta San Kristobaleko baselizetatik hasi, eta Ibabeko Andramariraino, izen bereko kofradia duen lekuraino. Toki horietako argazkiak dituzu hemen ikusgai, leku ederrak dira eta norbait bisitan etortzen bada, ez zaio damutuko.
Neguan aldiz, hainbat ekitaldi ederretan parte hartzen dugu, hala nola Santa Agedako Koruetan eta Olentzero eguneko kantaldietan. Horren argazkiak ere ikusgai daude galerian.
Geroz eta maizago, ekitaldi sozialetan kantatzen dugu, esate baterako, Nagusien Egoitzetako ospakizunetan, Eguneko Zentroetan edo omenaldietan; duela gutxi Aramaioko Udalak ekitaldi bat antolatu zuen, hain zuzen ere Julian Unzueta jauna omentzeko, eta hantxe izan ginen. Azkenik, Merkataritza Zentroren batean ere abestu izan dugu Gabonetan.
Nola ez, Arabako Abesbatzen Elkarteko kide izaten jarraitzen dugu, eta ARABA KANTANen parte hartzen. Programa horren barruan eman genuen azken kontzertua Zurbanon izan zen.
Eta gure entsegu, ospakizun eta hileten artean, badugu beste protagonista eta lekuko maitagarri bat: Aramaioko elizako organo erromantiko zaharra, gure betiko bidelagun nekaezina. Eraberritu zutenetik gaztetu egin da, eta erregistroak zabaltzen eta soinu ederra izaten jarraitzen du, duela 100 urtetik gora aita Goikoetxearen garaietan zuena bezalakoxea. Hementxe entzun dezakezu 2001ean organoa eraberritu ondoren emandako inaugurazio-kontzertuaren zati bat, mundu osoan ezaguna den José Enrique Ayarra organistak emandakoa.
Halaxe jarrai beza, abesbatza laguntzen, beste 100 urtez!
ESKER ONAK.
Abesbatzako batzordeak eskerrak ematen dizkie web honetan parte hartu duten guztiei. Web orria eguneratzeko, guztien laguntza beharko dugu, beraz, aurrerantzean ere haiekin kontatzea espero dugu. Eskerrik asko!